Mikel Biain (Oñatiko alkatea): «Etxebizitzak hornitzeko energetikoki burujabeak gara»

Hamarkadak dira Oñatik energia produzitu eta kudeatu eta banatzen duela. Herriko etxebizitza guztiak hornitzeko gai dira, alde domestikotik «energetikoki burujabe» dela esan daiteke Mikel Biain alkatearen esanetan. ‘Oñargi’ izeneko entitate publikoak kudeatuz energia, herritarrei gertuko zerbitzu bat ematen dietela defendatu du. Herrian martxan dituzten proiektuez mintzatu da Biain.

Bea Martxueta: «51 mila baiezko babes sozialeko sistema indartzeari, 51 mila ezezko probeziari»

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri-Ekimen Legegilea (HEL) babesten duten 51.000 sinadura aurkeztu dituzte Gasteizko Legebiltzarrean. Bi lege eguneratzea proposatu dute. Alde batetik, 18/2008 diru sarrerak bermatzeko eta bazterketaren aurkako legea. Bestetik, 3/2015 Etxebizitza Legea. Aldaketa horien bidez gizarte babesaren sarea handitzea eta hobetzea defendatu nahi dute Bea Martxueta LABeko ordezkariak esan duenez.

Olatukoopen barne sendotzea etorkizunari aurre egiteko

Olatukoopen ikasturtearen balantzea egin du Gorka Juliok. Erakunde eta eragile ezberdinekin egin dituzten akordioak, etorkizunari hobeto erantzuteko sortu dituzten barneko egitura ezberdinak eta ekonomia sozial eta eraldatzailean sakontzeko proiektura batu diren kooperatiben gehitzea aipatu ditu besteak beste Juliok.

Eli Etxeberria (LABeko idazkari feminista): «Soldata arrakala gainditzeko borondaterik ez dago»

Hego Euskal Herriko administrazio eta enpresa pribatuetan gizonezko eta emakumezkoen soldaten artean dauden diferentziak aztertzeko ikerketa bat egin du LABek. Eli Etxeberria, idazkari feministak nabarmendu duenez, egun «borondaterik ez dago» soldata arrakala gainditzeko. HEHn, %15,2koa da soldata arrakala, emakumeek 7.700 euro gutxiago irabazten dute bataz beste. «Lan baldintza okerragoak dituzten sektoreetan aritzen dira, gizonen neurrira sortuta dago lan mundua, zaintza eta bestelako aspektuak ez dira aintzat hartzen» eta beste hainbat faktore aipatu ditu Etxeberriak.

Ekonomia sozial eta eraldatzailea, alternatibatik hegemoniara jauzi egiteko jardunaldiak Iruñean

Ekonomia sozialeko enpresa ekimen berrien sorrera sustatzeko programa edizio berria jarriko du abian Iruñeko udalak. Datorren apirilaren 24tik 26ra bitartean, Ekonomia kooperatiboa eta soziala jardunaldiak izango dira Igogailuen Eraikinean. Olatukoopen baitako Talaios kooperatibako Beñat Irasuegik parte hartuko du. Egun dauden kooperatiba ezberdinak elkar ezagutzeko aukera «paregabea» dela esan digu, eta «alternatiba izatetik hegemonia ekonomikora jauzi egiteko bidea»n duen balioa aipatu du.

Ekimen berrien hastapenak KoopFabrikaren baitan

Ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarrituz, ekimen propioa martxan jartzeko KoopFabrikaren lehen fasea amaitu dute, formakuntzarena alegia. Orain, «lokatzetan aritzeko unea» da Amaia Oleaga tutoreak esan digunez. Proiektu bakoitzak lehen urratsak eman eta abian jar daitezen lanean hasiko dira aholkulariak alboan dituztela.

1080 euroko pentsio minimoa onartu dezala eskatu diote pentsionistek Gasteizeko Parlamentuari

Gasteizeko legebiltzarrean, pentsio duinak bermatzeko EH Bilduk eginiko proposamena eztabaidatuko dute gaur. Koalizio soberanistak gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzeko eskatuz legez besteko proposamena aurkeztu zuen pasa den hilabetean eta gaur, horren inguruan bozkatu dute. Eta horren harira hain zuzen, “Euskal pentsio sistema publikoaren alde!” lelopean, protesta egin dute gaur legebiltzarraren atarian, Euskal herriko Pentsionisten Plataformnak deituta.

Urko Apaolaza: “Soldata baxuak eta ordu asko lanean pasatzen dituzte AHT egiten ari direnek”

Zuloan: bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena izeneko liburua kaleratu zuen Urko Apaolazak kazetariak, ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz fundazioarekin elkarlanean. Aldi baterako enpresa taldeak ari dira eraikuntza zati ezberdinak egiten. Hauek lanak azpikontratatu eta azken hauek beste enpresa bat azpikontratatzen dute. Oso baldintza txarretan, askok ez dute euren eskubideen berri eta gainera alde guztiak dira horren jakitun.

Greban dira Tolosaldea Bus-eko langileak

Larunbataz geroztik greban dira Tolosaldea Bus-eko langileak. Otsailaren 18ra arte jarraituko dute borrokan momentuz. Ana Alkortak azaldu digunez, bizi duten ‘egoera txarra’ iraultzea, euren lan baldintzak ‘duintzea’ eskatzen dute. Urtarrilean ere egin zuten greba, baina inolako erantzunik jaso ez dutenez mobilizazio berriei ekin diete. Tolosako inauterietan ere greba egunak dituzte deituta.